XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Legebiltzarrak, kirolak gure egungo gizartean, hezkuntzan, osasunean eta ekonomian duen garrantzia ikusirik, otsailaren 19ko 5/1988 Legea, Soin Kulturarena eta Kirolarena, onartu zuen.

Kirolaren arlo ugariak antolatzeko beharraren ondorioz sortu zen legea, ordura arteko arauketa eta egituraketa urriak ziren eta.

Hala ere, kirolaren ezaugarriak dinamismoa eta etengabeko aldaketak izan dira betidanik. Kirol-mundua aldakorra da bere ezaugarrietan eta ezin ditu eduki betirako printzipioak eta inoiz indarra galtzen ez duten arauak, ordenamendu juridikoaren beste zenbait sektoretan gertatzen den modura.

Hori dela eta, argi dago 5/1988 Legea onartu zenetik kirolean izugarrizko aldaketak gertatu direla, Estatuan nahiz nazioarteko eremuan. Horrenbestez, legea gizarteko errealitate berrira egokitzeko beharra ikusi da.

Eztabaidaezina da 5/1988 Legeak izan duen egiteko garrantzitsua. Gehienek aitortu diote kalitate teknikoa eta balio politikoa nahiz kirol arlokoa.

Hala ere, lege hori indarrean egon den bitartean, antzeman da kirolaren zenbait arlori emandako tratamendua ez dela guztiz egokia izan.

Urteetan zehar, halaber, ikusi da arazo larriak gertatu direla eta ez zegoela araurik arazo horiei aurre egiteko. Beraz, ezinbestekoa da arazoei ahalik eta azkarren legearen bidez erantzuna ematea.

Esandako guztiak nahikoa arrazoi dira etapa berri bati ekiteko eta indarrean dagoen kirolari buruzko legedia berritzeko, izan diren aldaketetara egokitzeko eta, horrezaz gain, urrutirago doan ikuspegia harturik etortzekoak diren aldaketetarako prestatzeko.

Gauza jakina da euskaldunek jarrera ona izaten dutela edozein kirol-jardueratan parte hartzeko eta gaitasun handia dutela kirol-ekintzak antolatzeko, eta horrek lege-esparru berria eskatzen du eta behin betiko bultzada, une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen egiturari eusteko.

Gorabehera horiek kontuan hartuta, arau-mailarik gorenaren bidez antolatu da kirola, hots, lege baten bidez.

Legea gainerako autonomia-erkidegoetako arauak baino harago doa, hainbat arazo bildu ditu eta arau-esparru bat egituratu du euskal kirolak dituen errealitate guztietarako.

II.- Orain aldarrikatzen den legearen I. titulua aplikazio-eremuari eta printzipioei buruzkoa da, eta hartan aurreko testua errespetatu da funtsean.

Proposatu diren aldaketak teknika juridikoari eta edukiari buruzkoak dira. Teknika juridikoaren aldaketei dagokienez, ahalik eta gehien sinplifikatu da herri-agintarien jardueraren printzipio gidariak biltzen dituen apartatua.